MUSIKA

Vendetta eta Ze Esatek disko berriekin datoz

Vendetta talde nafarrak Fuimos, Somos y Seremos (Baga Biga) diskoa aurkeztu zuen iragan ostiralean Bilbon. Bestalde, Ze Esatek! banda gipuzkoarrak CDa eta DVDa bildu ditu Gu Gara (Oihuka) izenburuko zuzeneko grabazioan.

Pello Reparaz Vendettako tronboi eta abeslariaren hitzetan, Fuimos, Somos y Seremos lan kontzeptuala da. “Taldeak egin dituen bidaietan, Sahara, Suitza, Alemania… osotasun baten parte garela ikusi dugu, alde berean jartzen gaituen batasun internazional bat dago; diskoaren izenburuak ere osotasun hori jaso nahi du”. Kontzeptualtasun horrek, gainera, grabazioaren egitura ere baldintzatu du. Hala, diskoaren hasieran, erdialdean eta amaieran hiru kantu instrumental jaso dituzte kantuen zerrenda hiru ataletan banatzeko asmoz. Musikari dagokionez, ohiko duten estilo tropikalak jorratu dituzte. “Jamaikako errodun musika, hori baita bihotzetik ateratzen zaiguna”. Beraz, dantzarako aproposak diren ska eta rocksteady erritmo bero eta dantzagarriak.

Ze Esatek! zuzenean

Antzeko doinuak jorratzen dituzte Ze Esatek! gipuzkoarrek ere, alegia, ska kutsuko rock alaia eta parranderoa. Pasio festazale hori zuzenekoetan islatzen du taldeak eta horrela erakutsi nahi izan dute Gu Gara zuzeneko grabazioan. Bertan, 2012ko abuztuaren 13an Donostiako Portuan Piraten festan emandako kontzertua jaso dute, CD eta DVDan. Taldeak, garai guztietako kantuak bildu dituzte, tartean, sekula grabatu ez diren doinu berriak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button