BERTSOTAN

“Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista” abiaraziko du Bertsozale Elkarteak

Berrikuntzekin hasiko du ikasturtea Bertsozale Elkarteak. Udan iragarri bezala, bi bertso eskola feminista antolatu dituzte udazkenerako eta izena emateko epea datorren astelehenean, irailaren 9an, zabalduko dute. Matrikula, hilak 20ra bitartean gauzatu ahalko da.

Bata, Ahalduntze Bertso Eskola izango da, bosgarren urtez; eta Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista bestea, aurten bere ibilbidea egiten hasiko dena. Izan ere, hainbat gizonezko bertsolarik bertsolaritzan ere feminismoa lantzeko espazio baten beharra sentituta abiaraziko du ikastaroa elkarteak, gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskaini ahal izateko eta oinarri hori gizonezkoen bertso sormenean ere txertatu eta islatzeko asmoz.

Hala, Gizonezkoen Bertso Eskola Feministan adituen ekarpenak izango dituzte bertsolariek saioz saio eta bertso eskola, bertsotan egiteko espazio bat ez ezik, gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa bilakatu nahi dute. Horretan saiatuko dira ikasturtean zehar, Arkaitz Goikoetxea oiartzuar bertsolaria eta Iker Iriarte gai-jartzaile eta bertsozalea.

Bestetik,  Ahalduntze Bertso Eskola bosgarren urtez antolatzen duen arren, ikasturte honetan, urrats berri bat eman nahi du elkarteak. Hala, aurten,  plazarako trebatu nahi dituzten emakume gai-jartzaileei jarriko zaie arreta. Horretarako, Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal gai jartzaile eta feministak ariko dira irakasle lanetan.

Eskola biak ala biak, urrian hasi eta ekainera bitarte izango dira.

Elkartetik azaldu dutenez, “azken urtean egindako gogoeta estrategikoan azaleratu da pedagogia feminista lantzen jarraitzeko beharra eta helburu hori dute bi eskolek”. Izan ere emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak aztertu zituzten Azkizuko topaketan eta egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortu da geroztik.

Informazio osoa eta ikastaroen xehetasun guztiak: bertsozale.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button