IKUS-ENTZUN

“40+1” Lekeitioko Euskal Zine Bileraren Lehiaketak, baditu aurtengo irabazleak

Aurtengo  edizioko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako saridunak ezagutzera eman dituzte Eider Eguren, Mikel Zumeta, Itziar Ituño eta Maider Oleaga epai mahai lanetan jardun dutenek. Antolatzaileen esanetan, “maila handiko epaimahaiak, erronka itzela izan du aurrean, 20 filmeen artean saridunak erabakitzeko orduan”. Erabakia hartuta, hortaz, ondorengoak izan dira aurtengo irabazleak:

Film onenaren saria, Pello Gutierrezek zuzendutako Zain filmak eraman du. “Euskal nortasunaren topikoa” umorez azaldu eta “prisma surrealista” baten bidez, eraldaketa proposatzen duen filmak irabazi du 40+1. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, halaber, Miren Mujikaren Shell Phone filmak eraman du. Teknologia berriak erabiltzera behartuta ikusten den amama baten erronka kontatzen duen filmak, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.

Era berean, gidoi onenaren saria, Igor Rezolaren Fabrika(k) lanarentzako izan da. Bertan, lan munduak mendebaldean bizi izan duen eraldaketa azaltzen du. Kontakizun honen bitartez, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu film labur honek.

Aurten berrikuntza izan den Ikuslearen saria ere ezagutzera eman da eta irabazlea Eukeni Arriortuaren Pastoreak  lana izan da. Dokumental honetan, mendeetan barrena Euskal Herrian oso sustraituta egon den artzaintzaren egungo egoera azaltzen zaigu. Berarentzat izan dira Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Pozik azaldu dira antolatzaileak edizio honek izan duen arrakasta ikusita. Hala, aurtengoa, parte hartze kopuruagatik ez ezik, ikuslerik gehien izan duen edizioa ere izan dela eta, amaiera ekitaldian esker onezko hitzik ez zen izan falta.

“Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez-egun zinemara hurbildu diren ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik, aurtengoa ikusle gehien izan dituen edizioetako bat bilakatzea lortu baitute”, itxiera ekitaldian antolatzaileek gaineratu zutenez.

Informazio osoa zinebilera.com  web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button