Nontzeberri

“Intxixu & Animal kabaret “aurkezpen kontzertuan, Campos Antzokian

Intxixu & Animal kabaret taldeak estreinako aurkezpen kontzertua emango du bihar, abenduaren 20an, Campos Antzokian, 20:30etatik aurrera.

Musika aldakor eta eklektiko bat lantzen du taldeak, bluesaren, rockaren eta beste hainbat estilotan murgilduz. Gainera, musikari bikainez osatutako taldea da, bere zuzenekoen kalitateak erakusten duen moduan. Hala taldea osatzen duten musikariak dira, Gorka Benitez, jazzaren eta bluesaren munduan, punta-puntako saxofoi jotzailea; Aitor Aguiriano Toro, Doctor Deseo taldeko ohiko gitarra jolea; Iñigo Elexpuru bateria jolea, Mud Candies, Confluence eta Akats talde profesionaletan jotzen duena; Carlos Panera, antzerki zuzendari eta musikaria; eta Intxixu Valbuena, taldearen arima, Radikal Blues eta Nahixa taldeetan aritutakoa.

Gainera, kabaret izenak adierazten duen bezala, kabaretaren genero mota baten parodia edo kontzeptu errebeldea lantzen dute agertokian, Alemanian, Hirugarren Reichean faxismoaren gorakadak txikitu zuen kabaret mota batetan inspiratuta. Ildo horretan, beraz, euren zuzenekoak ez dira soilik musika ikuskizun konbentzionalak,  eszenografia landu bat duen musika-antzerki-kontzertuaren uztarketa original bat baizik. Horretarako, animali buruen errepresentazioak jantzita igotzen dira oholtzara, gizakien bizimoduari barre egiten dioten animaliak errepresentatuz.

Hitzei dagokionez, askotako estilo eta iturrietatik edaten dute. Hala, Jean Cocteau, Eduardo Galeano, Angela Figuera, Leopold Sedar Shengor edota Ana Moralesen testuetako hitzak moldatzen dituzte  poesia, kritika eta parodia kutsuko hitzak sortuz.

Taldearen bideo bat uzten dizuegu azpian. Eta kontzerturako sarrerak eta gainerako informazioa, hementxe duzue.

Exit mobile version