ESZENA

“Festamentua” eta “Esku harriak: Oteizaren (h)aria” ikuskizunak Beasain eta Azpeitian

Festamentua” eta” Esku harriak: Oteizaren (h)aria” ikuskizunak Beasain eta Azpeitian

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bitartez antolatzen duen Dantzaren XV. Zirkuituak bi koreografia ikusgarri programatu ditu maiatzaren 24an.

Lehen hitzordua Beasaingo Erauskin Plazan izango da, 19:00etan, Festamentua ikuskizunarekin. Bertan, hileta batean elkartzen den lagun koadrila xelebre bat zoritxarreko patua ulertu nahian ibiliko da batera eta bestera, gertatutakoa iraultzeko esperantzan. Umorea, dantza eta doinu ezagunez jositako ikuskizun original bezain berritzailea da Tio Teronen Semeak konpainiak dakarrena. Aritz Salamancak sortutako koreografia, Eider Olasagasti, Joseba Etxegoien, Gorka Daguerresar eta Mikel Zubiriaren musikaren doinuz jantzita dator, eta Aritz Salamanca, Ander Domingo, Antton Fernandez, Xuban Iragorri, Jon Iragorri, Aritz Olarte, Ekain Susperregi, Eneko Iparragirre, Mikel Urdampilleta, Aritz Olaziregi, Beñat Begiristain eta Alai Goñi dantzariek ikuskizun bikainaz gozatzeko interpretazioa eskainiko dute.

Eta bigarren hitzordua, Azpeitiko Soreasu Antzokian, izango da 21:30ean, Mugmus Laborategia konpainiak dakarren Esku harriak: Oteizaren (h)aria ikuskizunarekin.
Dantza eta mugimendua, zuzeneko musika, eskultura, bertsolaritza, soinuak edota espazioaren tratamendua zehaztasunez uztartuta, Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide oparoan landutako imajinarioaren berrirakurketa bat eskaintzen zaio  ikusle-entzuleari. Hala, espazioaren erabilera sakon eta moldagarria, hutsa,  desokupazioa, eskultura, musika serial eta konkretua, bertsolaria, txalaparta, Ez Dok Amairu mugimendua, hitza, umea, eta abar, aipatzen ditu ikuskizunak, Oteizaren unibertso berezi eta zabala oroitzeko eta berregiteko saiakeran.

Beñat Ralla Yusta zuzendari artistikoaren sormen ikuskizun honetan, Jone Amezaga del Frago eta Josu Santamaria dantzariek Iñar Sastre eta Beñat Rallaren musikaren doinuaren konpasa jarraituko dute.

XV. Dantza Zirkuituak, 80 emanaldi eskainiko ditu urtarriletik abendura bitarte Euskal Herriko 26 agertokitan.

Informazio gehiago, XV. Dantza Zirkuitua.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button