IKUS-ENTZUN

Korrontzik “Basque Selfie” filmaren soinu banda eta gidoia argitaratu ditu

Korrontzi folk taldeko buru Agus Barandiaran da Basque Selfie filmaren protagonista nagusia, izan ere, Barandiarani gertatutako kontu batean oinarritzen da filma, eta gidoian parte hartu ez ezik, soinu banda ere jarri dio. Filma Joaquin Calderonek zuzendu du.

Korrontzik Iruñean eman zuen kontzertu batean sortu zen filmaren ideia. “Emanaldietan, kantuei sarrerak  egitea gustatzen zait, jendeak kantuen testuinguruaren berri izan dezan. Hala, haietariko batean duela bost urte gertatu zitzaidan istorio pertsonal eta triste bat kontatu nuen, zeinak amaiera zoriontsua duen”, azaldu du gaur goizean Korrontziko trikitilariak. Behin kontzertua amaituta, Joaquin Calderon zinegilea gerturatu zitzaion eta istorio haren atzean kontatu beharreko kontakizuna zegoela esan zion Barandiarani. “Hala, eta pelikuletako kontu bat dirudien arren, hurrengo egunean gidoiaren ideiak lantzen aritu ginen posta elektronikoaren bidez”, esan du Korrontziko buruak.

Gidoia amaitu zutenean, aktore eta teknikariengana jo zuten, bai eta finantzazioa bila ere, eta filma Zinemaldian estreinatu zen. “Harrera ona izan du, eta otsailaren 8an aretoetara iritsiko da”.  Gidoiaren bitartez, besteak beste, Itziar Ituño , Kandido Uranga edo Aizpea Goenaga ekarri ditu pelikulara. “Tradizioaren eta progresoaren artean kokatzen den gatazka bat kontatzen du filmak, eta sekulako beldurra eragin dit filmean parte hartzea, ni musikaria bainaiz, baina aktore horiek laguntza eskertzekoa izan da”.

Gidoi-liburuarekin datorren diskoaren harira, Korrontziren ibilbideko hainbat kantu biltzen ditu, bai eta kantu berri bat ere, Iraun, zeina filmaren trailerrean jasotzen den. Trailer hori Getxoko azken Folk Jaialdian aurkeztu zuten, eta filma Zinegin jaialdian ere erakutsi da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button