MUSIKA

2princesesbarbudes katalanen “Gaueko Entziklopedia koxkorra”, Arrasaten

Helena Casas eta Marc Marcé katalanek osaturiko egitasmoa da 2princesesbarbudes. Bada, ostiralean, urriak 23, Arrasateko Kulturaten izango dira, 18:00etatik aurrera, Gaueko Entziklopedia koxkorra aurkezteko, Enciclopèdia baixeta de la nit katalanezko diskoaren euskararako egokitzapena dena.

Bikoteak jostailuak erabiltzen ditu, musika-tresna gisa. “Pilarik gabeko jostailu-tresnekin egiten dute musika. Pop estetika minimalista eta poesia letra burutsuak dituzten abestiak interpretatzen dituzte”.

Euskararekiko maitasuna aspalditik datorkio Helena Casasi, izan ere, euskara ikasi zuen Bartzelonako Hizkuntz Eskola Ofizialean Ainhoa Aranburu irakasle zuela; Aranburuk, hain justu, egokitu ditu Gaueko Entziklopedia koxkorra proiektuaren hitzak. “Abentura honetan Ainhoa bihurtu da hirugarren printzesa bizardun”.

Horretaz gainera, Maialen Lujanbio eta Joseba Tapiaren laguntza ere izan du 2princesesbarbudesek . Lujanbiok Ondo lo egin doinua idatzi du, eta Tapiak, berriz, abestu. “Eta bakarkako pasarte bat jotzera ausartu da jostailu-trikitiarekin!”.

Diskoak 13 kantu biltzen ditu, eta ostiralean aurkeztuko duten ikuskizuna adin guztietako ikus-entzuleentzat izango da. “Familia osoarentzako musika-ikuskizunaren formatua du disko honek, clown, objektuen antzerki eta ikusizko poesia ukituekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button