IKUS-ENTZUN

“2deo” laborategiko sormen lanak aurkeztu dituzte Tabakaleran

Nazioarteko kultura garaikidearen ekoizpen zentroan garatutako 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategian sortutako  zenbait ikus-entzunezko proiektu aurkezteko, jaialdia ospatu dute Donostiako Tabakaleran.

Bertan, azken bi urteetan laborategian garatu dituzten 14 egitasmo eta prototipoak erakutsi dituzte jendaurrean egindako proiekzioetan, eta bertaratu direnek, sortzaileak ezagutu eta euren iritziak eta bestelako ekarpenak egiteko tartearen aukera izan dute.

2deo lantegia, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea helburua duen laborategia da, sormen eta testuinguru berriak sustatuz. Ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatu da bertan, zabalkunde kanalak biderkatu eta sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean, herritarren partaidetza aktibatuz.

Tabakalera bezalako nazioarteko kultura garaikidearen ekoizpen zentro baten testuinguruan, “talentua identifikatzea eta diziplinartekotasuna sustatzeaz gain, ikus-entzunezko sektorearentzako elkargune bikaina izango da laborategia”, azaltzen dute antolatzaileek. “Gurutzatze horretatik proiektu berriak ari dira sortzen”, gaineratu dute.

2018 urtean sortu zenetik bi deialdi publiko egin ditu laborategiak, eta orain arte, 32 egitasmo izan dira hautatuak. Bertan euren proiektuak garatzeko faseetan,  2deok bereak dituen baliabideak haien eskura jarri ditu eta gainera,  profesionalen aholkuak jaso dituzte proiektuko faseak garatzeko.

Hortaz, azken bi urteetan egindako beste 14 lan aurkeztu dira oraingo edizioan. Honakoak dituzue aurkeztutako sormen lanak eta sortzaileak: DAPA  (San Agustin kulturgunea); Zetak (Pello Reparaz); 70% (Gosho Sociedad Cooperativa);   Bahori (Calmada shop); 27zapata (Imanol Epelde);  Produto (Osa+Mujika); Abeynturak (Ainhize Perez); Tok Tok Tok (Maushaus); Zikilimarro (Bira produkzioak); Zut (Gaztezulo); Ixa (Unai Portilla); Pikuak (Maddi Castro); Kasu! (Hiru Damatxo).

Egunean Behin (Codesyntax) proiektuak adibidez, izugarrizko arrakasta lortu du.  Eibarko Codesyntax enpresak garatu duen Android eta iOS bertsioetan dabilen euskarazko aplikazio-joko bat da: “tribial” baten antzera, 10 galdera, ausaz, egunean behin erantzun behar dira, eta horri lotuta, sailkapen bat egiten du aplikazioak berak, astelehenetik igandera. 2019ko martxoan jarri zen jokoa martxan eta ia 20.000 lagunek deskargatu dute jada aplikazioa, eta astero, 50 mila pertsonatik gora ari dira  jokatzen.

Proiektu honen helburua zuzenekoak egin ahal izatea da, eta horrela egin zen  pasa den astean Azpeitiko San Agustin Kulturgunean, lehen finalerako sailkatutako 150 jokalari elkartuta. Parte hartu zuten guztiek galdera berdinak eta denbora berean erantzun behar izan zituzten ekitaldian.

Proiektu guztien xehetasunak eta informazio osoa, Tabakakera.eus webgune honetan duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button