MUSIKA

“Begibakar”, Xabi Bandiniren bakarkako lana

Xabi Bandini Kerobia taldeko kide ohiak bakarkako ibilbidea abiatu du Begibakar (Gor) izenburuko lanarekin. Aurretik kantu batzuk argitaratu bazituen ere bere blogean, hau da Bandiniren bakarkako estreinako lana.

Diskoak Begibakar izeneko izakiaren inguruan ardazten da. “Begibakar gizaki eta piztiaren arteko mugan dago, giza erretratua eta bisontearen artean”, dio musikari nafarrak berak diskoan bildutako oharretan.

Diskoan jasotako kantuak hiru zatitan banatzen dira, Begibakarraren istorioa kontatzeko asmoz. Kontakizun hori josten duten kantuak, halaber, sinpleak dira, xumeak, gitarra akustikoarekin eraikiak, eta efektu elektroniko sotilekin jantziak. Kantuok euskaraz eta gaztelaniaz jaso ditu Bandinik.

Bere Madrileko pisu txikian, “229 metro koadroko estudioa”, sortu eta grabatutako doinuak dira. Gero, kantuok Aitor Ariñano teknikariak masterizatu ditu Lorentzo Records estudioetan.

Gor diskoetxeko kide Marino Goñiren aburuz, “proposamen honek, bere txikitasun eta zinezkotasunetik, hazi eta Estatuko musika eszenan toki bat egitea lortu nahi du”.

Diskoa bere “txikitasun” horretan berezia da, euskal panoraman gutxitan agertzen diren horietakoa. Lehenengo entzunaldiarekin jabetzen da entzulea kantu zintzoen aurrean dagoela. Soinu biluziak izanagatik ere, sakontasuna nabaritzen da, haien sinpletasunean. Zeresana emango duen lana da, eta aurtengo euskal disko onenen artean kokatu beharko litzateke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button