MUSIKA

Pop, rock eta elektronika, Bilboloop jaialdian

Bilboloop pop, rock eta elektronika jaialdia urriaren 19an eta azaroaren 17an egingo da, ohiko tokian; hots, Bilboko Kafe Antzokian. Antolatzaileek kontzertu nagusietan parte hartuko duten taldeak iragarri dituzte.

Hala, urriaren 19an, Baywaves, Hey Charlie eta Lester y Eliza artistek joko dute. Baywaves Madrilgo taldea da, eta bandak berak bere Facebookeko profilean adierazten duenez,”hipnopop” estiloa jotzen dute, alegia, pop hipnotikoa.

Hey Charlie, berriz, Londresen eratutako taldea da. Hiru taldekideak neskak dira eta 1990eko hamarkadan eztanda egin zuen Riot Grrrl mugimendu musikal feministaren jarraitzaileak dira. Hirukotearen sare sozialetan honela jasotzen da: “British grunge pop band”.

Urriaren 19an joko duen azken taldea Lester y Eliza izango da. Laukote bilbotarra da eta Serpiente eta Vulke taldeetako kide batzuek abiatutako indie-pop egitasmoa da. Oraintsu estreinako EPa argitaratu du.

Azaroaren 17an, bestalde, hauexek arituko dira Bilboko Kafe Antzokian: Le Boom, Dama Scout eta Cecilia Payne. Le Boom Dublin hiriko bikote elektronikoa eta melodikoa da. 2016an eratua, electro, indie, house eta pop doinuak uztartzen ditu.

Dama Scout Londreseko hirukotea da. Art-rock popzalea jotzen du taldeak. Ingalaterrako hiriburuko talde berri nabarmenetakoa da. Indie kutsuko eraginak bikain nahasten ditu pop sentsibilitate berriekin.

Amaitzeko, Cecilia Payne. Laukote bilbotarrak indie-pop kutsuko doinuak jotzen ditu. Luzia (gitarra, ahotsa), Barezi (gitarra, ahotsa), Jone (baxua, ahotsa) eta Ander (bateria) musikari gazteek osatzen dute taldea. Iragan maiatzean estreinako diskoa plazaratu zuten, lau kantuko EPa, Aingeru Malaxetxebarriak grabatua eta Mike Maricoandak ekoitzia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button