MUSIKA

“Supernova”’ disko berria aurkeztu du Iñaki Etxezarrga “EtxE”-k

Disko berria aurkeztu du Etxek, Iñaki Etxezarraga berriztar musikariak, Bilboko Bira kulturgunean.. Ekarpen rockeroagoa proposatzen duen lana dakar oraingoan ‘EtxE’k, eta zazpi kantuz osatzen den Supernova lan berria, orain arteko doinu lasaietatik urruntzen da, formatu eta musika estiloa erabat aldatu, eta rockeroagoa eginez. “Nire energia guztia bildu, kapsula batean sartu, eta eztanda egin nahi izan dut kantu hauekin”, azpimarratu du musikariak. Estilo intimo eta akustikoak hortaz alde batera utzi ditu lan berri honekin.

Bizi erdia darama musikari lotuta Etxezarragak, proiektu ezberdinetan lan eginez. Orain ordea, bere esanetan, “kantu rockeroagoak egiteko beharra sentitzen nuen eta beti amestu izan dudan diskoa grabatu dut”. Hala, bateria, baxua, gitarra eta ahotsaren konposizioak ere bereak dira. Eszenatoki gainean bere aldamenean Iban Gurrutxaga izango du gitarrarekin, azken urteetan bezala; baxuarekin, Xabier Barrenetxea donostiarra; eta bateriarekin, Iban Larreboure lapurtarra, Boston Jai taldean lehenengo aritu izan diren musikariak.

Jagoba Ormaetxea ekoizle eta musikariarekin TAOM estudioetan grabatu eta ekoiztu duen lan berria crowdfunding kanpaina bidez finantzatu du. Zazpi kantuz osatzen da lan berria: Nekatu naiz; Let’s rock the night; Arma tiro pum!; Uholdeak; Betirako; Zein ederra eta Zuri, zuk berak…, hain zuzen.

Bere konposizio berriei dagokienez, Arma tiro pum! kantuarekin, euskal rockari keinu bat egin nahi izan dio, “euskal rockari omenaldia eskaini”. Hala, diskoko “hit-a” dela azpimarratu du. “Euskal musikan oso esanguratsuak izan diren talde batzuen esaldiak hartu eta puzzle bat egin nahi izan dut”, gaineratu du. Gazte berriei euskal taldeen jatorria nahi die erakutsi era horretan, eta halaber,  gauez gazteek geroz eta euskal rock gutxiago entzuten dutela eta, “euskal rocka belaunaldi gazteei helarazi”, azpimarratu du.

Eta bestetik, Rosarioren bertsio euskaratua dakar lan berriak: Zein ederra kantua, Que bonito abestiaren bertsio euskaratua. “Beti gustatu izan zait Rosario, beti sentitu izan dut berarenganako miresmena, eta kantu hau oso berezia da niretzat”, gaineratu du .

Eta diskoa zabaltzen duen Nekatu naiz kantak, esaterako, orain arteko ibilbide musikalari egiten dio erreferentzia. Era honetan, behin eta berriro bidean “harri berberaz” topatzeaz,  metaforikoki orain arte egindako guztiaz nekatuta dagoela kontatzen digu kantuak.

Diskoaren aurkezpen kontzertua, Durangoko Plateruenan izango da, urriaren 6an, The Van berriztar musika elektronikora hurbiltzen diren talde gazte eta berriarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button