MUSIKA

Ekizak Bilboko Bira Kultur gunean joko du

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) 2016an kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Iaz, halaber, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu du.

Bada, bigarren disko hori zuzenean aurkezten jarraitzen du. Single bat ere kaleratu du, Presondegia, itsaso zakar bat, 2017an. Bada, ostiralean, hilak 14, Bilboko Bira gunean izango da, 20:00etatik aurrera.

Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen Ekiza diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko. Eta horretaz jabetu ginen Azkue Fundazioak, Nontzeberriren laguntzarekin, Euskararen Etxean antolatu zuen kontzertu bikain hartan (ikusi bideoa), 2017an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button