Nontzeberri

Nerabe, Donostialdeko pop garaikidea

Nerabe 2016an eratu zuten Borja Iriarte (Adrenalized), Ruben Ramos (Cohen, Reuben RG), Xabier Arratibel (Hyedra, PetFennec), Iñigo Ozaeta (Blaka, Pelax) eta Sara Zozaya musikariek. Guztiak Donostialdean errotuak. Bada, orain, Toki-on estreinako diskoa argitaratu dute.

Uhinak Komunikazioaren arabera, “hasieratik izan zuten (bost musikari gipuzkoarrek) bestelako estilo musikalak lantzeko eta ordura arte egindakoarekin zerikusirik ez duen proiektu berri bati ekiteko asmoa”.

Haien proposamen horretan, pop garaikidean eta 1980ko hamarkadako pop britainiarrean bustitako hamar doinu bildu dituzte, The Cure eta Joy Division, besteak beste. “Euren musikan 80ko hamarkadako indie rock ukituak, erritmo dantzagarriak eta abesti zuzenak aurkituko ditugu, dena Sararen ahots bereizgarriak osatuta”.

Toki-on izenburuko estreinako lan luzea Alvaro Remacharen gidaritzapean grabatu dute, eta apirilean kaleratu zen. Dagoeneko hainbat kontzertu egin dituzte. Diskotik ateratako lehen single, gainera, Gaztea irratiko zerrendako lehen postura ailegatu da.

Kontzertuen harira, 23an, Iruñeko Herriko Tabernan izango dira, formatu akustikoan; 26an, Santanderren, Belakorekin batera; ekainaren 1ean, Eibarko Ez Dok Fest jaialdian; 16an, emanaldi akustikoa egingo dute Bilboko FNAC saltokian; eta, azkenik, 26an, Donostiako FNAC saltokian izango dira, Musikaren Egunaren harira.

Exit mobile version