ESZENA

“Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia” martxan da, Donostian

Donostia Kulturak otsailaren 16ra bitartean antolatu du aurtengo Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia. Betiko lez, formatu txiki eta ertaineko antzerki ikuskizunak izango dira jaialdiaren protagonistak.  Jaialdi honen xede nagusia da “barietate antzerkia zabaltzea bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”.

Poltsiko Antzerki Jaialdiaren saioak  oso ohikoak ez diren agertokietan burutuko dira publikoarengandik hurbil daudelako, eta obra mota bereziak izango direlako. Izan ere, antzerkia, umorea, bakarrizketak, musika eta abarrek osatuko dute jaialdiaren programazioa. Edizio honetan ere, euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren 10. deialdian irabazle eta finalista izan diren taldeek parte hartuko dute. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan. Guztira, hamar proposamen jaso dira Poltsiko Sorkuntzako deialdian. Ttak teatroa eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana izan da irabazlea, eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz, berriz, finalista. Proiektu irabazleak 4.000 euroko laguntza jasoko du, eta finalistak, 3.200 eurokoa, antzezlana garatu eta ekoizteko.

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian 16 konpainiak hartuko dute parte, hiriko 26 espaziotan banatuta: horietatik 8 emakumezkoek osatutakoak dira, 1 mistoa eta 7 gizonezkoek osatutakoak. 7 antzezlan euskaraz dira eta 9 gaztelaniaz. Azken urteotan bezala, emanaldiak ostegunetik igandera eskainiko dira hiriko hainbat lokal eta espaziotan, eta sarrera doan da.

Egunez eguneko programazioa, eta obra eta taldeen gaineko informazio guztia: Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button