Nontzeberri

2020ko Mikel Zarate saria

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte. Lanak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da, eta sari bakarra emango da: 3.000 eurokoa.

Bidali beharreko lanak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutakoak izango dira. Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Izenik gabeko hiru ale bidali beharko dira, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburuarekin eta barruan egilearen izen-abizen, helbide, telefono eta nortasun agiriaren fotokopiarekin.

Idazlanak helbide honetara igorriko dira: Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria. Aretxalde, 1. 48196 Lezama. Epaimahaia idazle hauek osatuko dute: Leire Bilbao Barruetabeña; Julen Gabiria Lara; eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik.