Nontzeberri

16 taldek joko dute Aste Nagusiko Bertoko Pop Rock Erakustaldian

Bilboko Aste Nagusiko Bertoko Pop Rockaren Erakustaldian parte hartuko duten taldeen zerrenda iragarri dute. Arratsaldero, bi talde ikusteko aukera izango da Bilborocken. Aurten 83 maketa aurkeztu dira, iaz baino 23 gehiago.

Aurtengoa erakustaldiaren 27. edizioa izango da eta ohi den bezala, Bilbao Hiria Txapelketako Aste Nagusia sariaren irabazleek jaialdian parte hartuko dute: Doctor Maha’s Miracle Tonic (country, swing, rock) eta B Flat (swing), saria jaso zuten All Reasons desegin baita.

Erakustaldian estilo anitz entzun ahalko dira. Hala, Planetaletak eta Dr. Skyloopek doinu elektronikoak zabalduko dituzte, Penadas por la Ley taldeak punka jotzen du eta Shinovak rocka. Yo, Naúfrago eta Mobydick pop eta rock independentean murgilduko dira. Those Radios taldeak, berriz, The Beatlesen melodia klasikoetan bustiko dira. Arde Asia eta Arana bandak, halaber, rockaren eremu zabaletik arituko dira.

Metal atalari dagokionez, bi egun metal zale izango dira, eta taldeak ondokoak izango dira: batetik, The Descent (metal melodikoa) eta No Drama (metal garaikidea); bestetik, RES (heavy metal) eta Waldheim (death metal).

Euskaraz abesten duten taldeen kopuruak behera egin du aurten ere. “Euskaraz abesten duten taldeek beheranzko joera mantentzen dute, %12 aurten eta %16,6 2011an. Ingelesa aukeratzen dutenek abesteko, euskara euren ama hizkuntza izan arren, gero eta talde gehiago dira”.

 

Bestalde, Donostiako Piraten 5. Musika Lehiaketa bigarren fasean dago. Aukeztu diren 25 taldeetatik, epaimahaiak bederatzi aukeratu ditu finalerdietarako: BeHatxeRoja, Flattened Frog Massacre, Hilotz, Margot, Morphina, On, Saia, Tacumah Reggae Band eta The Amendoins. Partaidezta askotarikoa izan da.